Donostiako Irakasle Eskolan ikasi ondoren, irakasle lanetan aritu zen Oiartzungo Ikastolan (1976-86), espresiobide ezberdinak landuz: plastika, antzerkia, musika...
Ikastola utzi eta ipuinak kontatzen hasiko da buru belarri: batzuetan bakarrik eta bestetan marrazkilariek edota musikalariek lagunduta, aitzindari izango dena (Euskal Herrian, behinik behin), bibliotekako "ipuin-ordua"-rekin. Bidebatez, Mondragon Unibertsitatean, Eskoriatzako Irakasle Eskolan (Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatea gaur egun), Haur Liburu Mintegiaren sortzaileetako bat izan da eta haur liburu animaziogintzan hainbat proiektutan parte hartu du: lehen Haur Liburu Aretoak diseinatzen (Getxo, Durango, Amurrio, Legazpia...), Galtzagorri sortzen, Irakur Gidak plazaratzen, Kukuluma edo Kukumira aldizkariak argitaratzen, ipuin kontaketari buruzko ikastaroak eskaintzen (erakunde, unibertsitate, udaletxe eta elkarte desberdinei).
Lehen Hezkuntzako Gradua 2013. urtean burutu zuen "Barnekotasunaren lanketa hainbat ikastetxetan" lanarekin. Idazle modura, haur literatura landu du, ipuina, batik bat; poesiaz ahaztu gabe; eta albuma.
Sariak
- JUUL saria 2020, Ispilutxo
- JUUL saria 2019, Martzelo itsua
- JUUL saria 2019, Tontolapiko
- URREZKO KALABAZA, ahozkotasunaren ahoz aho jaialdian Tolosan 2018
- JUUL saria 2016, Mux munstroa
- Etxepare saria 2015, haurrentzako albumak sortzeko, Munstroek ere pixa egiten dute ohean
- JULL saria, Augustoren botila, 2015
- JUUL saria, Pottokoren usainak, 2009
- Euskadi saria, Jenio gaiztoa, 2008
- I Etxepare beka saria, haurrentzako albumak sortzeko, Gerlari handia, 2008